ISRAELDAR BATZUK


Tupizatik Uyunira trenez gerturatu gara, bertako gatzategia ezagutu eta bost eguneko tourra egiteko xedeaz. Ohiturari eutsiz ostatu merke batetan egokitu ditugu gure trasteak. Ohearen koltxoiak gatz bloke handi batzuk dira eta gelan neurriz gaineko hotza egiten du.


Telefonoz hotsegitera joan naiz, hotza gainetik kentzeko argudioarekin. Iruñeko lagunmin baten urtebetetzea da eta sorpresa eman nahi diot. Argentinan bezala, telefono konpainiak atzerriko enpresen esku daude.

Lokutorioan sartu eta egundoko kalapitarekin topo egin dut. Israeldar talde bat lokutorioko nagusiarekin auzitan ari da, biziki. Itxuraz, telefonoaren seinalea oso ahul iristen da eta ez dute konferentzia ordaintzeko asmorik.

Cacha Mai gidak, Tilcarako txokoak erakutsi zizkigun Robinson Crusoek esandakoak gogoratzen ditut. Cacha Maik ez zuen israeldarrekin lan egin nahi, bandoetan etortzen zirenean, dirua zela, ibilbidea zela, janaria zela, arazo mordoa sortzen baitzizkioten.

Topikoetan erori gabe, israeldarren artean denetarik egonen dela pentsatzen dut, euskaldunen artean bezalaxe. Nik ezagutu ditudan gehienak oso moderno janzten dira eta beren zaletasunak kultura kapitalistarenak dira, ezbairik gabe. Diruarekin orokorrean oso zorrotzak dira, hori egia da, eta txanponak ongi neurtzen dituzte. Behin baino gehiagotan ikusi ditut prezioen gaineko eztabaidetan dzanga eta dzanga. Gehienetan multzo itxietan burutzen dute bidaia eta nahiko iskanbilatsuak dira.

Esan didatenez, israeldarrek urte sabatikoa hartzen dute soldaduska burututakoan. Gizonek hiru urte ematen dituzte akoartelamenduetan, eta emakumeek bi. Horietariko batzuk palestinarren errepresioan zuzenean esku hartzen dute, ez dute entrenamendu militar soila jasotzen.

Arielen lagun batek Mendozan esan zidan gobernu-politikari zor zitzaiola israeldarrak denboraldi batez atzerrira bidaltzearena. Hala, herri arabiarrek inoiz Israelgo estatua bonba atomikoekin erasotuko balute, ez ziren judutar guztiak desagertuko. Bertsio honek bere logika dauka, baina nik kakotxen artean jarriko nuke, Arielen laguna ezagututa.


Uyuni herria XIXgarren mendean Antofagastara zihoan trenbidearen magalean sortu zen. Bertako biztanleek baina, ez dituzte jada orduak trenen esperoan ematen, turisten dolarren esperoan baizik.
Uyunin bidai agentzia mordoa dago. Gatzategiaren barruan sartzeko nahitaezkoa da jeep bat alokatzea, eta han-hemenka ibili ostean gure gustoko tourra aurkitu dugu.

Ohiko ibilbidea hiru egunetan burutzen da, baina guk, turista gutti dagoela-eta, bost eguneko bat aukeratu dugu. Gainera, turistekin bat ez egiteko, kontrako norabidean burutuko dugu. Pelucas izanen da gure gida, 25 urteko gaztea, bertakoa. Candido Mamanik Pelucas izengoitia dauka, Toyota jeepaz gainera Uyunin ileapaindegia baitauka. Berak aitortu digunez, orain hamar urte ez zen apenas turistarik, eta orain egundoko leia piztu da agentzien artean, Boliviago gunerik turistikoena bilakatu dela seinale.


Bihar goizean aterako gara hemendik. Pelucasek aurreratu digu gure jeepan beste bi neska etorriko direla, frantziarrak eta politak. Pozik, quinua zopa bazkaldu dugu sabaian apaingarritzat cd-ak eskegita dituen taberna ilun batetan.


Zorigaitzez, sorpresa handia hartu dugu Pelucasen Toyotara iritsi garenean. Agindutako motxiladun frantziarrak etorri beharrean, Pelucasek bi gizonezkoekin osatu du altiplanoaren muinera eramanen gaituen espedizioa. Gizonak dira, eta honetaz landara, israeldarrak ere badira. Atzeko eserlekuetan, beraz, gure ipurdiak israeldarrekoekin hestutu behar izan ditugu eta, kopetilun, bideari ekin diogu, usteak ustel.

Beltzaranak dira eta hilea motz-motza daukate. Militar traza hartzen diet. Jericoko check point batetan irudikatzen ditut uniforme kakiz palestinarrei dokumentazioa eskatzen. Batek laranja koloreko anorak potolo bat darama eta ez du deus esaten; bestea hebraieraz ari da etenik gabe, otoitz amaigabe bat bailitzan. 'G' letraren oiartzunak nire ezkerreko belarriari min egiten dio. Gurekin solasean hasten denean spanglish itxurako bat darabil.

Bidaia gaizki hasi da. Kalakariak ez gaitu errespetatzen, eta bere irizpideak besteei inposatzen ahalegintzen da. Israeldar ixilak ez dio aurre egiten eta, aspertu antzera, lagunak esaten duenaren aurrean ameto egiten du. Harik eta egoerak gainezka egin duen arte. Hamar bider, txoferrari kotxea gelditzeko eskatuz aritu da, kamara digitalarekin ñandu bati, flamenko bati, llama bati, oinez doan neskatila bati, lehiotik begiratzen duen zaharrari, argazkia ateratzeko. Pelucasi modu txarrean beste agindu bat eman dionean, denek salto egin dugu:

-Flamenco, flamenco, para, para, para, para, para! Fuck, para, para, para.... No escuchar? Flamenco, para, para, para, fuck, fuck, para, para...

Pelucas mutu gelditu da, besteak, ez.

-Ixildu zaitez behingoz!

Mikelek, Kikek, Marianok eta laurok aldiberean, aurretik ezer prestatu gabe, behingoz ixildu dadila esijitu diogu israeldarrari. Badirudi gazteak kasu egin digula. Aurrerantzean, Toyota geldiarazteko erabakiak demokratikoki hartuko ditugula adostu dugu.