SUPERPANCHOAK

Kirchnerren gobernuak, estrainekoz, piketeroen aurka jo du. Atzo, Rodrigo Rato Nazioarteko Moneta Funtsaren burua eta Alderdi Popularreko bozeramale ohia Buenos Airesera bisitan etorri zen, kanpo zorraren ordainketa Argentinako gobernariekin negoziatzeko.


Quebracho izeneko talde batek liskar handiak eragin zituen Etxe Larrosaren inguruan. Atxiloketak burutu ahal izateko polizia sekretuak erruz baliatu zituzten. Plazan kokaturiko sekretek makilak eskuetan zituztela atxilotu zituzten manifestariak. Sekreta kopuru handiak nolabaiteko eztabaida piztu du gizartean eta Kirchnerrek barkamena eskatu du hiritarrez jantzitako poliziak erabiltzeagatik. Hurrengoetan identifikaturik joan daitezela erregu egin die.

Link: Quebracho taldea, testua, gaztelaniaz


Noski, Euskalherria etorri zait gogora, sekreta kopuru geroz eta handiagoa duen nire herria, eta halako auziak sekula mahaieratzen ez direla pentsatu dut.

Gaur Superpancho bat erosi dut bazkaltzeko. Gurditxo baten ke goxoak erakarri egin nau eta, flautajolearen alboan dantza egiten duen sugea bezala, ke goxoa jaurtitzen duen gurditxora hurbildu naiz. Mahaian dauden saltsa ta zikinkeri guztiak bota dizkiot eta saltxitxa muturretik buztanera jan dut, ornitorrinko baten portaera fina imitatuz. Gurditxoaren jabearen diskurtsoari erreparatu diot saltxitxa puskak haginetan ditudala.

-Piketeroek herriaren irudia zikintzen dute. Zer pentsatuko dute zu bezalako atzerritarrek manifestariak ikusten dituztenean? Gero ere hona etortzekoak dira piketeroak, alper horiek, beren protestekin. Poliziak egurra emanen die, gogoz.

Mingainarekin ezpainetako ketxup arrastoak garbitu ditudalarik, ni ez nautela kalterik egiten ohartarazi diot, eta nigatik arduratu ez dadila, asaldagarriagoa egiten zaidala hainbeste polizia ikustea. Ea piketeroek berari arazorik sortzen dioten galdetu diot ondoren. Superpancho saltzaileak diskurtsoaren kolorea aldatu du ezustean.

-Ez, ni pakean uzten naute, nirekin ez dira sartzen. Badakite ni ere euren auzoetan bizi naizela. Badakite ni ere pobrea naizela. Egin dezatela, egin, Mc Donaldsen aurka!

Haizeak Buenos Aireseko txoko guztiak arrotzen ditu, saltzaileak Mc Donalds ahozkatu eta behatzarekin saltxitxa menditxoa seinalatu duenean. Ondoren begia kliskatu dit.

Poliziek Maiatzeko Plazara zuzentzen diren karrika guztiak kontrolpean dauzkate. Bank of Boston eta Lloydseko egoitzen adibidea imitatuz, Etxe Larrosa hesiz inguraturiko bunkerra da. Piketeroak, baina, ez datoz.