MAGNETISMO KAMUTSA

Xavierari telefonoz dei egin diot, Amaichan ezaguturiko neskatto politari. Elegante jantzita etorri da hitzordura, Dorrego plazako kafetegira, soineko beltzarekin, betaurreko ttiki eta finekin, aurpegia margotuta. Bost minutu iragan direlarik interesa galdu dudala jabetu egin naiz. Gaztelua eraitsi egin da. Halere, ezin dut hain agudo aldegin. Bere abots finaren bitartez esaten duena ulertu eta interesatzen zaidala adierazi beharrean nago. Ez dut bere abots leuna konprenitzen. Idealizatuegia neukan akaso? Ongi. Munduari buruzko ikuspegiak, lanak, etorkizuna, krisia: ez naiz batere gustora sentitzen. Tristeegia dena. Ezin dut arrazionalki azaldu baina magnetismoa galdu egin da.

Link: Dorrego Plaza, testua, gaztelaniaz.

Hiru garagardo edan ditugula, beste aitzaki bat asmatu behar izan dut; Cesar, nire lagun salseroarekin, afaldu behar dudala, alegia. Aitzaki gehiegi.

Ilundu du eta hiribarnea gurutzatzen ari naiz. Elizpean izkutaturiko pobre batek zigarroa eskatu dit, kartoneroak lan ta lan dabiltza, eta langile boliviarrak, eta urrats azkarreko gizakiak, eta gaua.

Ostatuan, ohean sartuta nagoela, hara non! , Cesar etorri zait parrandarako gonbitearekin.

-¡Chavón, no seás pelotudo!, ¡Venite!

Kafetegian korbata koloreduna zintzilik daraman gizon batekin solasean hasi naiz. Eskubiko jendearen amnesiak harritzen nau. Diktaduran desagertutakoen tragedia oso mingarria izan zela onartu egiten dute, oso penagarria izan zela, baina gertakizun horiek atzean uzteko garaia iritsi dela eransten dute jarraian. Euren konplizitatea erabakiorra izan zela ahazten dute eta militarren agindupean ezkertiarren aurka erabilitako argudio guztiak piketeroen aurka darabiltzate egun. Askatasun gehiegi omen dago, anarkia zabaltzen ari da, ez da ezer errespetatzen, eta segurtasuna indartu beharra dago, zigor handiagoak, polizia gehiago, disziplina.

-Argentinan lana egon badago, baina piketeroek ez dute lanarengatik borrokatzen, Estatuaren laguntzak jasotzen jarraitu nahi dute eta horrexegatik burutzen dituzte protestak. Alproja hutsak dira. Menemen garaian Bartzelonan izan nintzen. Paridadearen garaiak ziren, pesoak dolarraren balio bera zeukan. Orain ezinezkoa da kanpora joatea; eta Menemekin, bederen, dirua bazegoen. Lapurtu izan ez balu, historiak urrezko letretan idatziko luke bere izena.

Bakarrik nabil, Buenos Airesetik itzulinguruka, noraeze goxoan. Dirurik gabe nago, eta denbora bete arren oinez nabil leku batetik bestera. Hiritik ibiltzea amaierarik gabeko abentura bat da, eta urrats bakoitzak bide berriak zabaltzen dizkit.

Azken hilabeteetan sentimenduak dantzan aritu dira eta ariketarekin tentsioa askatzeko modua bilatzen dut.

Eguzkiaren indarra geroz eta nabariagoa da Buenos Aireseko karriketan.

Ostatuan prestatzen ditut otorduak, eta sukaldeko disziplinak nire eguna egituratzen du. Ostatuan Cesar eta biok gabiltza, gu gara bezero bakarrak. Ostatua guretzat da, sukaldea, koartoa, telebistako mandoa... Ostatuko langileek, lanaldiak betetzearren, maindireak egunero aldatzen dizkigute eta gosari mordoa ematen digute.

Bueltan Eduardo mendozarrarekin, Coppolaren filmean 'gehiegi aktuatzeagatik' errodajetik bota zuten aktore malapartatuarekin gosariak partekatuko nituela pentsatzen nuen, baina Cesarrek kontatu didanaren arabera aspaldi ospa egin zuen ostatutik. Itxuraz, koartoan Estatu Batuetako gazte batekin egiten zuen lo delirium tremens-ak jota burua galdu zuenean. Armiarmak ikusten zituen bere koartoko hormetan. Estatubatuarra koartoan sartu zelarik hankaz gora aurkitu zituen bere gauza guztiak, Eduardo maindireen azpian, beldurtuta, izkutatzen zelarik.

Cesarrek Eduardoren biografiaren beste zenbait atal kontatu dizkit. Gaztea zelarik, anaiak bere buruaz beste egin zuen, noiz eta Eduardoren urtebetetze egunean. Arrazoi honengatik hain zuzen ere, esperientzia traumatiko honen ondorioz, Eduardok Mendoza utzi eta bizitzaren gaineko kontrola galtzen hasi zen, hala azpimarratu dit Cesarrek.