ARNAUD

Cuscon hippy batek emaniko papertxo tolestuan argi irakur daiteke: 50garren kilometroa, Rancho Santa Fe. Konbi bat hartu eta, aireportuko errepidean aurrera, 50garren kilometroruntz goaz. Vodkoff-ak eraginiko mozkorrondoa egundokoa da. Furgonetan sartzen den haizeak, bederen, buruko nerbioen oinazea baretzen du.

50garren kilometrotik oinez abiatu gara Santa Fe rantxora, lurrezko bide batetik. Basabidea arras ongi zaindua dago eta landaretza joria, zuhaitz ikaragarriak, ikusi ditugu oinez eman ditugun 40 minututan. Cuscoko hippyak adierazi zigunez Santa Fe-n gazte euskaldun bat bizi da, eta chamanarekin batera ayahuasca landatu eta produzitzen dute, bisitariei eskaintzeko. Gazteak Arnaud izena du eta Iparraldekoa omen da.

Komunitatera iristerakoan Arnaud, txima luzeko mutil goapo eta gaztea, Francois eta Regis frantziarrekin batera aurkitu dugu. Euskaraz zuzendu natzaio baina oso gutxi ulertzen duela agertu dit Donibane Lohitzuneko gazteak.

Beranduxeago Artidoro, chamana, etorri zaigu. 40 urte inguruko peruar beltzarana da. Ayahuaskaz luze aritu zaigu. Beronek landatzen du eta chacruna izeneko beste landare batekin nahasi eta egosten duenean edateko prest gelditzen da. Esperientzia gozagarria dela esan digu, traumak kentzeko aproposa, iraganaren irudi galduak berreskuratzeko, gure burua hobe ezagutzeko eta etorkizunari begira gure buruak prestatzeko baliogarria.

Ayahuaska neurrian prestatzen duela esan digu. Artidorok 8 urte eman omen ditu ohianean bakarrik bizitzen, chamana izateko bere burua prestatzen, eta ederki ikasi omen ditu landarearen ezaugarriak. Egunero edaten omen du ayahuaska, eta 'ayahuaskak ez zaitu erotzen, ez zaitu hiltzen, landare sakratua da, sendatzeko balio duena' esan digu. Baieztapen honekin lasaitu egin gara: burutik sano jarraituko dugu droga hartu eta gero. Gaur gauean bertan dastatuko dugu.

Link: Ayahuaska, dokumentala, gaztelaniaz.