Vodkoff markako vodka kaskarra erosi genuen atzo supermerkatu batetan. Burua guztiz lanbrotu bitartean, plastikozko botilan osagaiak irakurtzeko abagunea izan nuen : alcohol destilado modificado y aromas.
Buruko mina larregizkoa da. Dutxatzen nagoen bitartean atzo Iquitosen arras ezaguna den Explosión orkestra zuzenean entzuten izan nintzela gogoratu dut, eta Ulysses laguna lapurtzen ahalegindu zirela. Sarrera ordaintzera zihoanean gaztetxo bat ondo-ondoan jarri eta zirt zart batetan kartera poltsikotik atera zion. Ohartu zenerako, poltsikoan pisu gutxixeago sentitu zuenerako, kartera hirugarren gazte baten eskuetan zegoen. Lagun quebecoisea oihu betean hasi zen, eta zonaldetik zebilen hiritarrez jantzitako militar batek haurra harrapatzea lortu zuen. Haur mukizu batzuk ziren, 15 urte eskasekoak; alabaina, kontzertua zaintzen zeuden zinpeko goardek izkin ilun batetara eraman, biluztuarazi eta ankerkeriaz jipoitu zituzten. Alferrikakoak izan ziren 'aski da' esanez bota genituen garrasiak.
Link: Explosion orkestra, bideoa.
Toallarekin gorputza lehortzen ari naizela, gogoratu dut baita ere behar baino goizago itzuli nintzela ostatura, Vodkoffak ni eta Yacinne suizarra ahozpez jarri gintuela. Ostaturantz gindoazela prostituzioan aritzen diren travesti asko topatu genituen:
-Zuekin dohainik eginen dugu! Probatuz gero, errepikatuko duzue! -esaten ziguten.
Harrigarria da Iquitosen dagoen trabesti kopurua. Antropologo edo soziologoek estudiatu beharreko fenomenoa litzateke.
Link: Tengo un primo que es pintor, Iquitoseko margolaria, bideoa.