Gaueko hamarrak dira. Eltxoen erasoa erabatekoa gertatzen ari da, euli gudarosteak oldean datozkit, ziztadak nonnahi sentitzen ditut. Egurren artean etzan egin naiz eta moskitera nire inguruan paratu dut erasoari aurre eginen diodalakoan. Kia! Ehuna zuloz josita dago eta zankudoek problemarik gabe egiten dute aurrera. Egur xafla ezin gogorrago baten gainean nago, maindire miserable batez babestua, ziztada etengabeak jaso ta jaso. Azpitik, xaflen artetik, zankudoak sartzen ari dira. Erotzeko zorian nago.
Link: Zankudoak, bideoa, gazteleraz.
Ia ia lorik egin gabea nago. Goiztiria da eta nire eskuek pilotari potolo batenak dirudite, zeharo hanpatuta daude. Ipurdialdean eta gerrialdean ere eltxoek txikizio ikaragarria eragin didate. Madarikatuak zuek!
Pasionak gosari oparoa prestatu digu, Eliasekin batera ohianean barneratu aurretik. Jorgerekin ez ginateke ohianean sartzen ausartuko, baina Eliasek erabateko konfidantza ematen digu. Txankletekin ibiltzen da gure gida, eta aldiro ezker-eskuin begiratzen du. Erlantz dabil. Ez dio naturari errespetu fitsik galdu. Yacinne suizarrak ere trebezia ikaragarria dauka intsektu arraroak topatzeko orduan. Tamarindo tximinoak ikusi ditugu zuhaitz handien puntan, ayahuaska landarea, gerora salduko dituzten ebakitako enbor puska itzelak, hosto itxurako matxinsalto erraldoiak, kakalardoek eginiko zulo eta hondarreko gaztelu handiak, errekak nonnahitik, txoriak, kilkirren abesti iraunkorra, tximeletak, gaixotasunak sendatzeko Eliasek baliatzen dituen hazi edo sustraiak.
Jorgek berriki ikusitako tamarindoen legera segitzen dio osabari. Parregarria da trantzea. Jorgek ez du osabaren erritmoa mantentzeko indar nahikorik, baina osabak esandako guztia errepikatuz jarraitzen du.
Osabak:
-Begiratu ezazue gora, tamarindoak!
Jorgek -serio aurpegia paratuta-:
-Gora begiratuz gero tamarindoak ikusiko dituzue!
Aurpegi luzea dauka Jorgek. Ez du deus ezagutzen, baina burua makurtu eta egia aitortu beharrean jakitunaren plantak egiten ditu, jasoko duen dirua justifikatu nahian.
Gure egonaldiak bereak egin du. Bazkaldutakoan Monteverdera itzuli gara, etxeko ateak zabaldu dizkigun familiarekin batera. Etortzerakoan hartu behar izan gendukeen bidetik joan gara. Bidezidorrak ohianari buelta ematen dio eta zonalde altuetatik doa. Joanekoan ez bezala, ez dugu putzurik gurutzatu behar izan, eta bidea pittin bat luzeskagoa izanda ere, askoz erosoagoa egin zaigu.
Eliasek eta Pasionak guk emandako propinatxoarekin zeozer erosi behar dute Monteverden. Neskatoa, gure harridurarako, bidean abestuz doa eta maisutasunez egiten du salto motxila buruaren gainean daramala.
Monteverdeko herritar guztiak gugana hurreratu dira. Jorgeren osaba aintzat hartzen dute, eta honek mapacho zigarretak eskaini dizkie lagunei.
Noe-ren txalupa dirudien batetan abiatu gara Iquitoseruntz. Penaz so egiten diogu Pasionak, Don Eliasek, alabatxoak eta Walkerrek osatzen duten familiari. Eskuak astinduz ibai bazterretik agur esan digute.