AYAHUASKA

Iluntzearekin batera hasi da zeremonia. Egurrezko zolu baten gainean eserita gaude, 'tenplua' izenez bataiaturiko etxolan, ohianaren erdi-erdian. Bazterretan natura bizirik somatzen dut, kolore berde minak zoko guztiak ihinztatu egiten ditu . Chamanak likido marroiskadun botila hartu eta basotxo bat bete du. Edalontziari putz egin dio otoitz moduko zerbait ahozkatzen duen bitartean. Bere ezkerrean eserita nagoenez, niri egokitu zait lehenengo basoa. Kafe trinkoaren zaporea hartu diot. Oraindik ez dut ezer nabaritzen. Chamanak eta Arnaudek abesteari ekin diote. Arrotza sentitzen naiz. 70garren hamarkadako hyppien kantuak, bertako indiarren kantuekin uztartzen dituzte: 'Volamos como águilas, volamos cómo águilas, volamos alto, volamos alto...'.

Handik 20 minutura, nire lagunak etxolatik kanpora botaka hasi dira. Nik ez dut ezer antzematen. Ezustean, begiak itxi eta suge batek nire burua okupatu egin du. Begiak zabaldu ditudanerako bete-betean sentitzen dut edabearen eragina. Natura mugitzen ari da, arima dauka. Zuhaitz batek bere adarrekin landare bat besarkatzen du, landareak mugitzen hasi dira, gizakien legera mugitzen ari dira, eta nigana datoz. Begiak berriz itxi eta barneko ibilaldia hasi dut. Gorputzaren barruan igeri egiten ari naiz. Abiada bizian nerbioetan zehar noa eta zelula eta mikrobioak ikusten ditut borroka bizian. Nire burua kaleidoskopio handi bat da eta ezin gustorago nago.
Begiak zabaldu eta naturak kolore berde fluoreszentea daukala ikusi dut, bizi-bizirik dago. Pertsonen artean ez da hutsunerik, zuhaitzen artean ezta ere, espazio guztiak arima itxurako batez osatuta daude. Lagunen haloak ikusten ditut, kolore ezberdinekoak, eta Arnaud, kandelen argi motelen gainean, profeta bat dela iruditzen zait.

Estrainekoz, lagunei erreparatu diet. Kike oso larritua dago, etzanda, kaguendioska:

-Kaguen Dio, noiz amaituko da hostia hau?

Mariano, berriz, bere baitan sartuta dago, arnas estuka. Mingainarekin bere bularraldea mihizkatzen ari da eta nire begiradak berearekin topo egiten duenean, hortzak erakusten dizkit.

-Mariano, ongi al zaude?

Marianok ez du deus erantzuten eta purrustaka ari da. Kikek kexuka dihardu. Hau da hau paranoia: begi batekin errealitatea ikusten dut eta bestearekin ayahuaskak eragindakoa. Poliki poliki efektoak baretzen ari direla sentitu dut. Beti ezagutu izan dudan errealitate horretara itzultzen ari naiz. Kike eta Marianorengana gerturatu naiz euren ezinegona baretu asmoz.

Ezustean chamana gaizki jarri da. Hauek komediak! Kolikoak jota dagoela eta ospakizuna bertan behera utzi beharrean dagoela esan digu. Hobera egitekotan itzuliko dela agindu digu. Akabo. Artidoro ez da bueltatzen eta ayahuaskaren hodei beltzak nire buruaren gainean hegan egiten somatzen ditut. Aharrausika nabil eta zoluan etzan egin naiz lokartuko naizela sinestuta. Ezin. Musika nire buruan sartzen da eta kontrola galtzen ari naizela esango nuke. Momentu honetan denetarik egin dezakete nirekin: ibaira bota, dirua lapurtu, ipurditik eman... Regisen beldur naiz. Atzean daukat eta ezin naiz mugitu. Aurpegia egurraren kontra itsasita daukat. Denek bota dute. Nik ez dut ahotik ezer jaurti. Eta burua 100 kilometro orduko jarri duen likidoa barruan betikoz gelditzen bada?

Etzanda ordu erdi inguru eman eta gero altxatzea lortu dut. Enbor baten gainean eseri  eta inurriak nire gorputzean gora egiten sentitu ditut. Hostia. Inurriek hozka egiten dute, eta gainetik kentzen ahalegintzen naizelarik pintzarena egiten dute. Eta burua galtzen ari naiz, eta errealitatera itzuli nahi dut! Baina ez dut bota, denek bota dute nik izan ezik. Kaka egiteko beharra sentitzen dut. Sabela bor-borean daukat. Zonbi baten modura letrinetara iritsi naiz. Galtzak askatu ditut eta hortxe, bi egurren arteko zulora, Niagara urjauzien tamainako kaka zaparrada bota dut. Ipurdia garbitzen ahalegindu naizenean, zerbait arraroa somatu dut. Zizare txuri bati nire uzkitik ateratzen lagundu diot. Ez dakit zizarea uzkitik atera edota zulotik bertatik salto egin eta ipurtzuloan lekutu ote den. Sentitu, sentitu dut, eta ikusi, ikusten dut zizaretxoa. Berdin jarraitzen dut. Buruak eztanda egin behar dit, batetik bestera mugitzen ari naiz, etengabe erretzen ari naiz, bakarrik egon nahi dut, norbaitekin egon nahi dut, eta berriz bakarrik, eta berriz norbaitekin.
Nire buruarekin mantentzen ari naizen borroka gogorregia izaten ari da. Eta betikoz horrela gelditzen banaiz? Eta berriz komunera. Eta berriz kaka jasa. Eta agobioak, eta ayahuaska nire gorputzatik bota nahi dudala, eta botatzeko ahalegin antzuak, eta hostia, onik atera behar dudala, nola edo hala onik atera behar dudala, baina oraindik ez dudala ezer bota, eta Ulysses ongi dagoela, eta Mariano ere bai, eta berriz gora, eta berriz behera, eta inurriak gora, eta inurrien hozkadak, eta Kikeren garrasiak, eta kaka, kaka mordoa, eta, hostia, hobeki jartzen ari naizela, eta beste zigarro bat, eta Kikek iratxoak ikusten dituela, eta hobe nagoela, eta ez dudala berriz probatuko.

Link: Ayahuaska bidaia, bideoa, frantsesez.