KAUTXOAREN HIRIA


Goizter oheratu naiz gaur Iquitosen. Peiche arrainak, garagarrez eginiko zukuak, edo marihuanak, ez baitakit, sabela irabiatu didate. Gaizki sentitu naiz Iquitoseko bulebarreko terrazan eserita, litroko zerbeza eskuan, jokuz kanpo. Egunez negozio eta denden mugimendua nagusitzen da hirian, eta pobrezia ez da oso agerikoa. Gauez azaleratzen dira baztertuak, putak, trabestiak, kakahuete eta zigarro saltzaile kajoidunak, bizitzaren gaineko kontrola galdu duten mozkorrak, eskaleak, karrikan lo egiten duten familiak, txikle kaxatxoa eskuarekin astintzen duten umetxoak, polizia patruilak, platano frijituz betetako poltsatxoak saltzen dituzten haurrak, motokarro gidari nekaezinak...


Enparanoiatu naiz, zeharo, auzo pobre batetan urrezko rolex-a erakusten duen turista sentitu naiz. Isabel ostatuko koartoan geriza hartu orduko haizagailua topera paratu dut. Lokartuz joan naiz emeki emeki.


Iquitosen turistek bi destinaleku nagusi dituzte. Batetik, kautxoaren loraldian Pariseko Erakusketa Unibertsaletik ekarritako Eyffel maisuaren burdinezko eraikina dute, eta, bestetik, ibaiaren bazterrera altxatzen den egurrezko auzo miserablea, Belenauzoa.

Link: Kautxoaren sukarra, testua, gaztelaniaz



Belen auzo txiroa da, eta boulevarretik adabakiz jositako teilatuak ikus ditzakegu soilik. Ulysses eta Marianorekin batera merkatuko eskaileretatik Belen auzora jeitsi gara gaur. Etxeak egurrezko plataformen gainean eraikita daude, Amazonas ibaiak gainezka egiten duenean urak eraman ez ditzan. Eraikin hauskorrak dirudite.


Auzoko bideak egur eta are-zakuekin eginak daude eta albotara, buztinean txipli txaplan, haurrek jolas egiten dute. Metalezko teilatuen azpian, etxeetako egurrezko xaflek sekten, alderdi politikoen edota errefreskagarrien propaganda erakusten dute. Herritarrek jakinminez hartu gaituzte, bertatik turistak oinez ikustea ez baita oso ohikoa ; turistek gehienetan txalupetan bisitatzen dute auzoa.


Iñork Hego Amerikako Venezia izendatu zuen Belen, eta ez zaio arrazoirik falta. Veneziako marmorezko etxeak egurrezkoak dira Iquitosen, vaporettoak eskuz eginiko egurrezko txalupatxoak, kafetegiak garagardoak saltzen dituzten taska ilunak, nintendoak plastikozko baloiak.

Link: Belen auzoa, bideoa.



Iquitosetik gertu ohianeko indiarren erreserba bat omen dago, Bora-Bora indiarren erreserba. Iquitoseko lagunek emandako aholkuei jarraiki, Bellavistako portutik Padrecocha izeneko herriska batetara hurbildu gara, Inka kola edari horiarekin sargoriari aurre eginez. Padrecochatik 20 minutura, oinez, Bora-Bora indiarren herriska dago, eta haraino iritsi gara Mariano eta biok.

Herritarrek ez dute turisten bisitarik espero eta ez digute inolako emankizunik antzeztu. Turista talderen bat erreserbara iristen denean dantzak eta halakoak eskaintzen dizkiete, antza, baina guk sorpresaz harrapatu ditugu, emankizunen ostean turistei salduko dizkieten artisau-lanak egiten. Emakumeak eta gizonak gerritik gora biluzik daude eta bi marra beltz dituzte aurpegian margotuta.

Oso herri ttikia da. Turismotik bizi direnez, janzkerak eta errituak horrexegatik mantentzen dituztela iruditu zaigu. Pobreziari aurre egiteko zilegi dela iruditzen zait, baina baten batek ohianean isolaturiko tribua aurkitu nahian baldin badator, honekin eskas geldituko zaio panorama.

Link: Bora-Boratarren emankizuna, bideoa.

Herritik ateratzerakoan baratzen arteko bideskatatik despistatu egin gara, eta ingurubira bat edo beste egin eta gero, nahi gabe herriskara bueltatu gara. Bora-boratar bati handik nola atera galdetu behar izan diogu. Emakumeak hasieran tutik ulertzen ez zuela zirudien, baina segituan, gaztelaniarik txukunenean, jarraitu beharreko bidea zein den azaldu digu, emankizuna ikustera ez gindoazela ikusita.

Kikerekin elkartu gara azkenik. Yurimaguasetik iritsi berria da, Peruko kostaldetik ibili eta gero. Denbora nahikoa daramagu Marianok, Kikek eta hirurok buruz buru. Laister, bakoitzak bere bideari heldu beharko dio. Agur esateko tenorea iristear dago, eta akabera esperientzia kolektibo baten eskutik etorriko da. Ayahuaska edabea dastatuz esanen diogu agur elkarri.

Kikek eta Marianok apur batez elkarrekin jarraituko dute, Manaoseraino apika. Marianok Manaosetik Venezuelara eginen du, eta Venezuelatik Erdialdeko Amerikara. Hantxe, Costa Rican, surf-taula erosteko asmoa dauka denboraldi batez olatuen artean egoteko, itsasuntzi batetan marinel edota tabernaren batetan zerbitzari aritzen den bitartean.


Kikek Amazonas ibaia alderik alde gurutzatu nahi du, eta ibaiaren ibilgua jarraituz Brasilgo Belem hiriraino iristeko helburua dauka, ibaiak eta Atlantiar itsasoak bat egiten duten guneraino. Handik, Kolonbiaruntz jo nahiko luke bizkaitarrak.

Nire planak askoz apalagoak dira. Oraindik ez dakit, Chiclayo aldera jo, edo Limaruntz... Bien bitartean Iquitosen jarraituko dut.