Ohianean barneratzen diren tourrak oso garestiak dira, eta usu 'lodge' edo turismo agentziek beraiek erositako lur-eremu zabaletara zuzentzen dira. Bertan luxu handiko etxolak atondu dituzte turistak mota guztietako erosotasunak izan ditzan.
Ulyssesek etnologia museoan Jorge izeneko gazte batekin harremana egin du. Fidatzeko moduko mutikoa dirudi, serioa. Ohianerako bidean berak gidarena egin dezakeela esan digu, diru gutxiren truke. Jorgeren osaba ohianean isolaturik bizi omen da, eta arras ongi ezagutzen omen ditu ohianeko sekretuak.
Noski, ezin dugu tour garestirik hartu, bi hilabetetako aurrekontua bospasei eguneko txango batetan agortuko baitzaigu. Ohiana bere horretan, aldez aurretik prestaturiko ibilbiderik gabe, luxuzko etxerik gabe, ezagutu beharko dugu. Ez dugu beste erremediorik.
Monteverde deituriko herriska batetara iritsi gara txalupa kolektibo baten barruan, Amazonas ibaian barrena Pucallparuntz eginez. Gure artean alarma gorria piztu da. Zerbaitek adierazten digu Jorgek ez duela osabaren etxearen kokapena ezagutzen, eta gurekin hasiera-hasieratik gezurretan ibili dela. Bidean, urduri antzean, pilotoari behin eta berriro Monteverden gelditu dadila gogorarazi dio eta, are gehiago, Monteverdera iritsita, hango herritarrei gure gida arrotza egin zaie. Modu susmagarrian agurtu dute, aurretik bertan sekula izan ez balitz bezala.
Oso herri ttikia da Monteverde eta euria barra barra ari du. Monteverdeko etxe batetan sartzeko baimena eman digute euriaz babestu ahal izateko. 'Hamaika bider' turistak osaba Eliasen etxera eraman dituen gazteak 'Non da Don Eliasen etxea?' galdetu dio aterpea eskaini digun etxeko nagusiari. Orain bai, ez da zalantzarik, Jorgek ziria sartu digu.
Panguanirako bidea hartu behar dugu, baina Jorge noraezean dabil eta galdezka hasi da berriz. Bidean metro batzuk besterik egin ez ditugunean, putzu zabal batekin topo egin dugu. Zapatillekin aski izanen genuela iragarri zigun Jorgek Iquitosen, baina argi dago ez dela aski. Inguruko bi gazte komentzitu behar izan ditugu euren txalupetan bidearen bestaldera eraman gaitzaten. Urtean hiru hilabetez ibaiak zonaldea ureztatzen duela esan digute gazteek, eta txalupan joan beharra dagoela, derrigor.
Horrela bada, manglar itxurako batetik, zuhaitzez jositako putzu zabal batetik, bide lehorraren bila abiatu gara. Euria ari du, baina zoragarria da panorama, fikziozkoa.
Lehorrera iritsi baino lehen enborrekin eginiko zubi luze bat gurutzatu behar izan dugu. Enborrek ezin diote gure pisuari eutsi eta buztinean gorputzak izterreraino hondoratu zaizkigu .
Jerusalem izeneko herriska batetara iritsi gara, lokaztuta. Jorgek disimuloan bertako bati bideaz galdetu eta guri horrela zuzendu zaigu:
-Bai, hemendik aurrerakoa ezinhobe gogoratzen dut.
Bi orduko ibilaldia daramagu, laister ilunduko du, eta taldean tentsioak eztanda egin du:
-Aizu motel, seguru hemendik dela? Laister gaua iritsiko da. Gure aurrean ez duzu disimulatu beharrik, argi dago ez duzula puta idearik. Seguru al zaude hemendik dela? Esaiguzu egia! Ez dugu gaua ohianean pasatu nahi!
Jorgerek masailak gorritu egin dira eta 'bai, lasai, badakit' leun bat atera da bere ahotik. Bidean beste hamar bat minutu egin ditugu, harik eta bidegurutze bat aurkitu dugun arte. Jorgek zuzen jarraitu nahi du. Baina ez gara bere irizpideaz fidatzen, eta Kikeren iritzia hobestu dugu. Kikeren arabera, eskubiko bidea ez dago hain itxia, sarritan erabili delako seinale. Gaitzerdi Kikeri jaramon egin diogula. Ordu laurden baten bueltan Don Eliasen etxean gaude.