TARIFA BEREZIAK

Ucayali eta Marañon ibaien urak nahastu diren unean kontent jarri gara. Amazonas ibaiaren korronteak gure itsasuntzia harrapatu du. Iquitos gero eta gertuago ageri zaigu. Ordubiak aldera iritsiko gara portura. Hiria ikusteko irrikitan gaudela Wilsonek eta Gastonek propinatxoa eskatu digute, eman dizkiguten gomendioak zirela-eta.

Link: Amazonas ibaia, testua, gazteleraz.

Wilsonek eta Gastonek iragarri bezala, portuko nahaspilak irentsi egin gaitu. Ukondoen laguntzarekin bidea zabaltzea lortu dugu. Motokarroa eskuratu eta gidariari Cinthiak, itsasuntziko katuak, emaniko helbidera eraman gaitzan eskatu diogu. Ulyssesek gurekin eginen du lo, eta bihar ostatu merkeenetan bere lagun suizarraren bila hasiko da.



Hotel Tropical, Tarifas Especiales. Prezioa eskatu diogu hoteleko langileari. Taula bat erakutsi digu beronek. Hiru tarifa mota dago: arrunta, denboraldi altua eta berezia. Merkeena tarifa berezia da. Guk horixe nahi dugula agertu diogu. Bera urduri jarri da:

-Ejem, barkatu, seguru tarifa berezia nahi duzuela?
-Bai, merkeena.
-Ejem, ordubete egon zaitezkete bakarrik...
-Nola ordubete?
 -'Es para joda'.

Orain gu gara nerbiostu garenak.

-Ez, barkatu, tira, tarifa arrunta, arrunta nahi dugu.

Eta behatzarekin motxilak seinalatu dizkiogu, lo egiteko xedeaz gatozela sinistu dezan.

Inguruko denda batetan ron botila erosi eta baso bat edaten ari gara koartoan. Barkuan eginiko bidaiaz solasten ari gara bentiladoreak gure buruen gainean bueltak ematen dituen bitartean.

Gozamenak eragindako uluak entzuten hasi gara ondoko gelan. Norbait pelikula pornoa ikusten ari da, bolumena topera paratuta duela. Esajeratuegiak dira telebistatik ateratzen diren uluak, gordinegiak. Hoteleko langileak orduan ixildu zaitezte! ohiu egin du pasilloan barrena. Ejem... Ez al da pelikula bat? Benetan ari dira? Sementala dauka gainean ondoko gelako emakume horrek!

Tropical, Tarifas Especiales. Orain ulertu dugu tarifa berezien berezitasuna. Iquitoseko bikote legal eta ilegalek hotela txortan egiteko darabilte. Hirurok batera galdera bera egin dugu, eta Ulysses gu baino arduratsuagoa gelditu da:

-Nolatan ezagutzen zuen Cinthiak Tropikal hotela?

Ostatu berri batetan egokitu gara. Isabel hotela komisaldegia eta ejerzitoaren akoartalamenduaren aurrekaldean dago kokatua, Belen auzoarekin muga egiten duen bulevarretik gertu. Hotela hiriaren gainbeheraren isla dela iruditzen zait. Seguruenera kautxoaren urrezko garaian altxatu zuten, eta oraindik orain itxura koloniala mantentzen du. Orduan kalitatezko hotela izango zen, baina orain motxilero pobreak, ikasleak eta bidean dauden langileak hartzen ditu. Leku lasaia da. Gelan sartu garenean ohe gainean inurriak janari bila ikusi ditut, eta kaka egiterakoan eskuarekin zapata hartu eta labezomorro bat paretan kromo bat bezala itsasita utzi dut. Koltxoiaren arrasto marroiskak ikusi orduko lozorroaren barruan lo eginen dudala erabaki dut.

Link: Iquitos, testua, gaztelaniaz



Quistacochan izan gara, Iquitoseko zoologikoan. Ocelote katutxoa ikusi dugu, otorongo felinoa, pumak, tximinoak, sugeak... Pizti gehienak kaioletan daude, tximino ttiki bat izan ezik. Ulyssesen lagun suizarrak, Geneveko gazte anarkistak, tximinoa besoen artean hartu eta jolasean hasi da, aurretik zaindari batek tximinoarekin kontu handia eukitzeko gomendioa eman badigu ere, oso erasokorra delakoan. Tximinoak besoetako hileak eta bizarrarenak ferekatzen dizkio suizar betaurrekodunari. Ni ere animatu egin naiz. Sudurrean behatzak sartu nahi dizkit, ileari tiraka hasi da eta, gainetik kendu behar dudanean, besoekin nire gorputza inguratu du, burua jeisten zuen bitartean. Oso momentu hunkigarria izan da. Nik, zerbait egitearren, zorriak kendu dizkiot.


Amazonasen bainua hartu dugu tximinoarekin euki dugun esperientzia magikoari merezitako akabera emateko.