FINITO

Bete betean asmatu dut dirua aurrezteko harturiko neurriekin. 15 dolar ditut eta ezer arraroa gertatu ezean, Ezeiza aireportura iristeko modua izanen dut bihar.

Poltsikoa zuloz beteta daukat eta galtza berriak jantzi beharko nituzke.
Onartzen dut.
Beldurra diot Iruñeko itzulerari, Iruñeko errutinari, Iruñeko neguari.
Badakit hemendik aurrera bihotzminez begiratuko dudala gibelera, eta bizi izandakoa hobera sinplifikatuko dudala, momentu txarrak apropos ahaztuz.
Baina ez nuke ezerren truke aldatuko nire bidaia, eta ez diot Iruñeari inbidiaz so egiten.
Ez dut arrazoinamendu sinple hauekin jarraitzeko gogorik. Nire buruak ez dit gehiagorako ematen, sinpletasunarekin konformatu beharrean nago, bizitzaren erlatibizazioaren bilaketa pisutsuan.
Abentura berria hastera doa, eta desoreka honetan bizitzera ohitzen hasia naizela sinistu nahiko nuke.
Pribilejiatua naiz gogoeta hauek egiten ahal ditudalako eta bizitzak aukeratzeko beta ematen didalako.
Onartzen dut.
Mozkortuta nago, Cesar, Cecilia eta Joserekin.
Boligrafoak eskuartean ziprist egiten dit.
Bihar goizean banoa.

Londresen euria ari du. Erretzaileendako konfinamendu aretoan bi zigarro erre ditut elkarren segidan. Buruko mina daukat. Departures. Bilbao. Finito.

Bilbora naraman abioian hiru ogitarteko, bi yogur, hiru magdalena eta lau tomate-zuku hartu ditut. Sonia azafatari esker jarri naiz bapo. Azken asteetako disziplinak gosea areagotu egin dit.

Emakume jatorra Sonia. Plastikozko keinuen unibertsoan, benetazko keinuak egiten dituzten gizon-emakumeak aurkitu daitezke oraindik. Eskerrik asko Sonia.


Beldurra diot itzulerari, beldurra eta gogo bizia. Ihesari beldurra nion bezala, beldurra eta gogo bizia. Iñork gutxik ulertzen ditu nire patuaren gorabeherak. Nik neuk ezta ere, sabeleko animaliak. Noiz utziko dituzu tontakeriak? Noiz onartuko duzu bizitza zuk uste baino gutxiago dela? Ez itzazu eraiki ametsezko etxeak, konformatu zaitez laidreilukoetan.
Zatoz, mesedez, zatoz grisaren inperiora, hemen eroso egongo zara, eroso eta segurua. Tximeletek alde eginen dizute, haragi eta hezurra.
Begiak itsututa ditugunok, ez gara ohartzen bizitza jaiotzearekin batera agortuz joaten dela. Entzun, arren, entzun bizitza bat dela. Eta bat horri beldurra diot, beldurra eta gogo bizia. Nora noa? Aintzinera ala gibelera?

Bidai bat daukat buruan, bi dolar poltsikoan eta Euskalherria zapatei itsasita. Banator bueltan.
-Eup!

Link: Musika bideoa, M Clan, Inmigrante.